XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SEXUALITATE BURGESA EMAKUMEAREN AURKA

Viktoriar garaia, britainiar inperioaren distirarekin eta bere burgesiarenarekin bat datorrena, moral viktoriar zorrotzaren garapen-garaia ere bada.

Sexuarekin zerikusia duen oro zorrotz arautu zuen eta, emakumearentzat oso zigortzailea den sexualitate burgesa eraiki ondoren, beste lurralde batzuetara ere esportatu zuen.

Honek, itxuraz, zerikusirik badu eliteko familiek beren interes materialen onerako beharrezkoa duten ondasunen kontzentrazioa eta oinordetzako transmisioarekin.

Zituzten ondasunen arabera identifikatzen ziren gizon aberats haiek ezkondu aurreko emakumearen garbitasuna eta ezkontza barruko fideltasuna derrigorrezkoa zituzten, oinordekoen inguruan duda izpirik egon ez zedin.

Viktoriar aroa, beste ezer baino gehiago, jabetzaren aroa izan zen eta, horregatik, sexu-zapalkuntza inoiz baino gogorragoa izan zen orduan.

Emakumearen sexualitatea, monogamia, ezkontza- eta dibortzio-legeak kontrolatzeaz arduratzen ziren erakundeek emakumearen kastitatea eta apaltasuna aurkeztu zituzten emakumezko-bertuterik goren gisa.

Horrela, goi-mailako emakumeak garbia izan behar zuen eta, gainera, grinarik gabea.

Ondasunik gabeko langileak ez zuen erakunde hauen ideologia zanpatzailearen alde zertan agertu beharrik.

Garbitasunari atxikitako balioa lotuta zegoen gizarte-hierarkia eta ondasunen jabetzarekin.

Langilerian gertatzen zen gizonaren nagusitasuna bestelakoa zen.

Goi-burgesiak oso ondo bereizten zituen emakume langileak eta emakume burgesak.

Viktoriar Britainia Handian, langileak kalitatezko jendearengandik bereizita eta isolatuta bizi ohi ziren eta aberatsekin ez ziren nahasten.

Ideologia aldetik, langileria beste arraza zen, herri basatia, ugazaba eta gobernariekiko erabat desberdina.

Aldi berean, ordea, moral bikoitza erabiltzen zen eta langile emakumeek goi-burgesiako gizonen sexu-beharrak lasaitzeko tresna izan behar zuten.

Itxurakeria zen nagusi.